
Donostiako talaietako bat da Aingeru Zaindariaren ermitaren ingurua. Bertan hasten dira urtero Ibaetako jaiak martxoaren 1ean, Aingeru Zaindariaren egunean alegia. Negu gorriko giroa izan ohi da, baina atzo, aldiz, udaberria zela ematen zuen; beroki eta aterkien arrastorik ez. Meza egin zuten aurrena ermitan eta ondoren ermitara doan aldapa beldurgarria oinez edo autoz igotako guztiek dantzarako parada izan zuten, trikitixa doinuek lagunduta; bai gaztetxoek Ibai lizeotik igo ziren asko eta baita helduek ere. Batzuk dantzan zebiltzan bitartean, beste asko jai batzordeak jarritako bat-bateko barraren inguruan zebiltzan ardotxoa edaten eta pintxoa jaten.
Urtero-urtero 12:00ak aldera hasi ohi da Gorriti Showa. Atzo, ordea, bertsolariak aritu ziren aurrena. Andoni Egañak, Jexux Mari Irazuk eta Gaztelumendi anaiek, Beñatek eta Unaik, jardun zuten bertsotan. Lizaso izan da urtetan Egañaren bikotea Ibaetan, baina atzo Lizasok kale egin zuen. Irazuk gogoan izan zuen Lizaso: «Hura izaten zen, egia esan, gure aingeru goardakoa». Ibaetako jai batzordeko kide da Luis Mari Lopez Rekarte futbolari ohia. Hura, eta Reala ere, gogoan izan zuten bertsolariek. Xabier Saldias ere antolakuntza lanetan dabil azken urteotan Ibaetako jaietan eta hau ere zirikatu zuten, soinean zeraman kamiseta rockeroa zela eta. Gorriti ere izan zuten ahotan. «Euskal Herriko ume handiena da», bota zion Beñat Gaztelumendik. Eta 13:00 pasata, bertsolariek Gorritiri eman zioten lekukoa. Umeek ederki gozatu zuten Gorritiren poneyekin eta beste animaliekin.
Gaur kantu jira
Gaur arratsaldean batez ere haurrei zuzendutako hainbat ekintza izango dira jaietan: txokolate jana, dantzaokea...
Helduentzat, bestalde, kantujira izango da 21:00etan hasita. Lehenengoz izango da kantu jira Ibaetako jaietan. Olatz Errasti antiguatarra ibili da kantu jira antolatzen. «Parte Zaharreko kantu jiran horrenbeste jende elkartzen dela ikusita bururatu zitzaigun Ibaetan ere gauza bera egitea. Bestalde, Ibai lizeoko haurrek kantak ikasten dituzte eskolan eta gu, helduok, abesten ikustea lagungarria izan dakiekeela uste dugu», azaldu du Errastik.
Ibaetan ez ezik, Errotaburu eta Lorea inguruan ibiliko dira kanta-kantari. Beste auzoetako kantu jiretan bezala, abestien letrak banatuko dira bertaratutakoen artean. «Desafinatzea gutxienekoa da horrelakoetan», dio Errastik jendea animatu nahian.
Bestalde, feriak ere prest dira. Ohi bezala, Aitor Zabaleta plazan jarri dituzte.
hamaiketakoa ere Batzuk dantzan zebiltzan bitartean, beste asko jai barrara hurbildu ziren pintxo eta ardo bila
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.