Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Ibaeta
2008ko azaroak 23, Igandea

;2008-10-11;Normaltasunera itzuli. Vigo eta Sevillako atal negargarriak ahaztu nahi ditu Realak Xerez etxean mendean hartuta.

Vigo eta Sevillako atal negargarriak ahaztu nahi ditu Realak Xerez etxean mendean hartuta.

Normaltasunera itzuli

xabier lopetegi

Paradisua eta infernua. Zuria eta beltza. Aurkia eta ifrentzua. Futbolak bi geltoki baino ez ditu, eta bien arteko ibilbidea oso denbora gutxian egiten da. Hori ez dakienik ez dago jada. Reala ez da salbuespena. Garai batean bere burua desberdintzat bazuen ere, olatuak irentsi egin zuen aspaldi, eta pazientzia eskatzea alferrikako ariketa da, are gehiago orain, Bigarren Mailan galdutako partida bakoitza amildegirantz egindako urratsa baita. Argi utzi behar da, edonola ere, zaleen jarreraz haratago taldeak ere ez duela batere lagundu joera hori arintzen. Izan ere, ondoen dagoenean, edo gauzek hobera egingo dutela dirudienean, partida tamalgarri batekin itxaropenak zapuzteko ohitura kezkagarria hartu du azken denboraldietan.

Sevillan eta Vigon gertatutakoa da azken adibidea. Iragan sasoian, eta orain bi urtekoan gertaturiko zenbait atalen usaina dario. Taldea norabidea zuzentzen hasi dela pentsatzen hasi... eta orduan danbatekoa. Ez nolanahikoa, gainera. Bi partidotako jokoa irenstezina izan baita. Realari ez zaio antzeman aurtengo bere partidarik onenetan izan duen nortasun zeinuetako ale bakar bat ere: ez erasoan erakutsitako erraztasuna eta baliabide sorta, ez defentsan erakutsitako oreka eta seriotasuna, ezta partidetan azken minutua arte burubelarri sartuta egoteko gaitasuna ere. Inork ez dio gaur eskatuko erakustaldirik. Bai, ordea, talde sena eta lehiakortasuna berreskuratzea. Hau da, normaltasunera itzultzea. Gutxienekoa.

Hain pattal aritu zen taldea Sevillaren aurkako norgehiagokan, ezen irrati uhinetako gururen batek taldearen profesionaltasuna zalantzan jartzeko atrebentzia izan baitzuen. Egoera horren aurrean, jokalariek Balaidosen harrotasunari heltzea espero zitekeen, iragan denboraldian Juan Larzabal presidenteak soldatak ez zituztela jaitsi nahi aditzera eman zuenean bezala, baina ez zen halakorik gertatu. Hala ere, Badiola bota nahi dutela iradokitzeak ez dauka ez hanka ez bururik. Lillo berak arrazoia eman zuen atzoko prentsaurrekoan: Presidentea botatzeko modurik onena partidak irabaztea da. Kirol arloa ondo badoa eta diru egoerak pixkanaka hobera egiten badu hautagairik ez da faltako. Azken hauteskundeetan, aldiz, bakarra izan zen, nik dakidala.

Hobe jokatu behar

Jokalariek ezin diote zalantzari zirrikiturik utzi. Galdu, berdindu edo irabazi, itxura hobea eskaini behar dute, ezinbestean. Dena emateaz gain, dena ematen dutela sinestarazi behar dute. Erronka zaila du taldeak astebururo: trajea handi geratzen ez zaiola frogatzea. Erraza da helburua Lehen Mailara igotzea dela esatea. Nekeza, berriz, erantzukizun horren pare jokatzea. Entrenatzaileak berak autokritika zintzoa egin zuen atzo: Azken bi partidetako bidea ez da egokia. Galtzea beti da mingarria, baina horrela galtzeak sekulako amorrua ematen digu guztioi. Oso gaizki jokatu dugu, baina badaukagu egoera aldatzeko kasta. Bihar (gaur) norgehiagoka daukagu, eta garaipena lortuz gero igoera postuetan ohera gaitezke.

Arrazoirik ez zaio falta entrenatzaileari. Liga hasi besterik ez da egin, eta iaz ez bezala, sailkapenean ihes egin duen talderik ez dago. Realak esku-eskura ditu lehen postuak. Eta ez balitu ere, akats handia izango litzateke larritzea edota burua galtzea, Bigarren Maila iraupen lasterketa baita.

Argi gelditu zen iaz. Hori bai, taldeak ezinbestekoa du jokoan aurrerapauso bat ematea, aurkariek neurria hartu diotela ematen baitu. Badakite presioa nori egin, eta nori jokatzen utzi, eta hasieratik lehortzen dute beren joko iturria. Joko zuzena egiteko baliabiderik ez duenez eta Prietoren faltan hegaletik gutxi apurtzen duenez, Realari kosta egin zaio egoera horri aurre egitea. Argudio berriak topatu beharko ditu Xerez mendean hartzeko, andaluziarrek ondo ekin diotelako denboraldiari eta arriskutsuak direlako etxetik kanpo.Berritasun dezente egongo dira gaurko hamaikakoan, seguru asko. Litekeena da Castillo, Diaz Zerio eta Sergio hasieratik aritzea. Markeli bigarren aukera jarraian ematea ezin da baztertu: «Oso ondo eutsi zion azken partidari. Kolpe bat eman zioten eta arnasa hartzeko zailtasunak zeuzkan, baina hala ere ez zuen zelaitik irten nahi. Eredugarria da bere jarrera». Necati eta Dramerentzat ere hitz onak izan zituen Lillok.

Turkiarraz hauxe esan zuen: Testuinguruak hobera egiten duenean, berak ere hobera egingo du. Hor dago bere ibilbidea. Frantziarrari buruz, berriz, urdurien bera aritu zela Balaidosen, baina gogotsu dagoela eta begiekin zein belarriekin entzuten duela. Bestalde, garrantzia kendu zien Xerezen hutsuneei, eta jokalari garrantzitsuenen artean aipatu zituen Calle, Momo, Viqueira eta Antoñito, Realari buruhauste dezente eman ohi dizkion aurrelaria.

Agenda

Erakusketa

Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna
EGIA, Tabakaleran - 2008-10-24

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.